hits counter

Munduko herririk abegikorrena dela diote aditu askok eta zinez maitemintzeko modukoa da bere tabernetako giro mitikoarekin, musika hunkigarria, paisaia berdeak eta ustiatu gabeak eta aske izateko gogoekin.

  • Irlanda (Éire gaelikoz)
  • Hikuntzak:
    • Gaelikoa (1.400.000)
    • Ingelesa (6.378.000)
  • Biztanleria:6.378.000
  • Azalera:84.421km2

Irlandako irlan Harri Arotik bizi da jendea, baina gaur egun ezagutzen dugun kulturaren oinarria zeltek ekarria da. Zeltek eratu zuten Irlanda 5 probintziatan eta hainbat erreinu txikitan. Probintzien buru familia edo klanak ziren eta politikoki batuta egon ez arren, hizkuntza bakarra, kultura bakarra eta erlijio bakarra ziren irlan.

Bikingoek ere arrasto nabarmena utzi zuten, Dublin eta Wexford hiriak sortzeaz gain, gizartean aldaketa batzuk eragin zituzten: zeltek erabiltzen zuten truke-sistemaren ordez, moneta erabiltzen hastea, esaterako. Bikingoak 1014. urtean garaitu zituzten irlandarrek Clontarfeko bataila odoltsuan.

Bereziki adierazgarria da Irlandako historian 1169an hasi zen normandiarren inbasioa, hor hasi baitzen irlandarrek mendeetan izan duten inbasoreen aurkako borroka luzea. Normandiarrek, besteak beste, sistema feudala ezarri zuten, eta horrek aurrez aurre jo zuen irlandarren gizarte-antolaketarekin.

Historiako beste une garrantzitsu bat The plantations edo kolonizazioak dira 1550-1610 urteen artean izan ziren: irlandarrei lurrak kendu eta Eskozia eta Ingalaterratik etorritako kolonei eman zizkieten, batez ere Ulster probintzian. Horrek matxinada batzuk eragin zituen, 1641ean, Oliver Cronwelek eta bere armadak modu basatian isilarazi zituzten altxamendu horiek.

1792an, irlandar errepublikanismoaren sorburutzat jotzen den United Irishmen elkartea sortu zen. Haren buru, Theobald Wolfe Tone Britainiarrekiko lotura armaz apurtzearen alde zegoen eta biztanle guztiak irlandar izenaren pean batu nahi zituen, erlijioak alde batera utzita.

1798ko matxinada izan zen Irlandako odoltsuenetakoa, Wolfe Tone preso hartu eta exekutatu egin zuten, eta mitoa sortu zen. Gaur egun Wolfe Tone hartzen da errepublikanismoaren sortzailetzat.

Matxinadak huts eginda, 1801ean The United Kingdom of Great Britain and Ireland sortu zen, Union Jack ikur hartuta. Hurrengo urteetan hainbat matxinada bizi izango ditu Irlandak, tartean Gosete Handia deiturikoa ere, Europan inoiz bizi izan den krisi humanitario handiena. Sasoi hartan, irlandar asko hiltzeaz gain, beste asko eta askok alde egin behar izan zuten.

Historia modernoan, zalantzarik gabe, 1916ko apirilaren 4a da datarik garrantzitsuenetako bat. Irlandar matxinoak altxatu eta Dublingo GPOn, Posta Bulegoan, irlandar Errepublikaren jaiotza aldarrikatu zuten. Britainiar inperioaren erantzuna bortitza izan zen benetan, eta matxinadako buruzagi guztiak exekutatu zituzten.

1918ko hauteskundeetan Sinn Fein alderdiak irabazi zuen, eta Dublinen parlamentu propioa sortu zuten. Handik gutxira hasi zen independentziaren guda IRA eta Armada Britainiarraren artean, 1919tik 1921era. Guda horren amaierako itunean, besteak beste, uhartearen partizioa hitzartu zen: Ulsterreko sei konderri britainiarren eskuetan geratu ziren. Itun hori sinatu izanaren ondorioa gerra zibila izan zen.

Guda zibil horretan itunaren eta estatu librearen aldeko indarrak garaile atera ziren.

Estatu libre berriak bere bideari jarraitu eta 1949an estatu independente bilakatu zen , baina iparraldean, han sortutako estatu berri horretan, diskriminazioa jasan zuten nazionalistek eta bigarren mailako herritar bilakatu ziren, eskubiderik gabe , etxebizitza, lana eta botoa emateko ia aukerarik gabe.

Bidegabekeriek horiek eman zuten bidea 60.eko hamarkadan eskubide zibilen aldeko mugimendua sortzeko. Unionistek, ordea, errepresioarekin erantzun zioten, eta loialisten bandak auzo nazionalistei eraso egiten hasi ziren.

1969an IRA Probisionala sortu zen bere komunitateak babesteko.

1972an Derryn soldadu britainiarrek 14 zibil hil zituzten manifestazio baketsu batean, eta Bloody Sunday izena hartu zuten gertakari horiek, Irlandako gizartean eragin handia izan zuten.

IRAk kanpaina militarra areagotu zuen hurrengo urteetan, eta ekintza ikusgarriak gauzatu zituen bai Irlandan bai Ingalaterran. 1979an, segada batean 18 soldadu britainiar hil zituzten, egun bakar batean britainiarrek jaso zuten eraso handiena izan zen hura.

80.eko hamarkadan, gerra zikina areagotu zen eta IRAk indarrez erantzun zion.

1981 urtea ere betiko markatuta gelditu zen egutegi errepublikanoan , 10 preso hil baitziren beren eskubideen eta preso politikoen estatusaren defentsan egindako gose greban.

1994an su-etena eman zuen IRA erakundeak, 1996an hautsi zuen, Londresek erdietsitako akordioak porrot egin ondoren.

1997an beste su-eten bat eman zuen IRAk, eta 1998 urtean, eztabaida luzeen ostean, Ostiral Santuko akordioa sinatu zuten. Hala ere, unionisten zorrozkeriaren eta indarkeriaren erruz, ez zen erabateko lasaialdirik iritsi. Azkenik, IRA-ren desarmearen ondoren eta San Andrewseko akordioen ondoren, 2007an parlamentu eta gobernu berri bat osatu zituzten. Gaur egun, Sinn Fein bigarren indar politikoa da iparraldean, eta laugarrena hegoaldean. Krisialdi ekonomikoak bete-betean harrapatu du Irlanda, eta horrek irlandar asko kalera ateratzea eragin du. Egoera politiko eta ekonomiko berriak aukerak ematen dizkio mugimendu errepublikanoari, hala, iparraldean indartzen jarraitzen du, eta hegoaldean benetako aukera politiko bilakatzen ari da.

Irlanda nazio zelta da, eta hori nabaritu egiten da kulturaren alderdi guztietan. Gaeilge edo Irlandako gaelikoa hizkuntzen indoeuropar familiakoa da,eta historikoki irlandarren hizkuntza nagusia izan den arren, ingelesen inbasioak hizkuntzan ere izan zuen eragina. Gaur egun, badira Irlandan gaelikoa eguneroko hizkuntza nagusia duten eremuak, Gaeltacht dute izena. Kaleetan gaelikoa gero eta gehiago entzuten da, hiztunen kopurua handitzen ari da batez ere Dublinen eta Belfasten.

Musika tradizionala izango da, seguru aski, irlandar kulturaren alderdi ezagunenetako bat, eta irlako taberna edo pubak izaten dira musika horretaz gozatzeko lekurik aproposenak.

Irlandako literatura ere ospetsua eta oparoa da, mundu mailan famatu diren idazle asko daude, baita ere Nobel saria jaso dutenak ere, adibidez Brendan Behan, James Joyce, Oscar Wilde, Bram Stoker eta WB Yeats.

Irlandako kirol tradizionalak joko gaelikoak dira, eta kirol ezagunenak hurlinga eta futbol gaelikoa dira .Biak daude biziki lotuta Irlandako kulturari , hizkuntzari eta erresistentziako borrokari. Bai futbolean eta hurlingean 15 jokalariz osatutako taldeek jokatzen dute , eta udan izaten dute momentu gorena, Irlanda osoko finalak jokatzen dira eta. Final nagusia Dublingo Croke Park estadio mitikoan izaten da urtero, 80.000 zale baino gehiago hartzen duen estadio historikoan.